2016an sortu zuten Amuart Antzerki Taldea, eta gizakiaren baitako zenbait alderdi ezkutu arakatzea du helburu; betiere, emakumeen begiez, eta gizartean aski hedatuta dauden hainbat aurreiritzi erauzteko asmoz. Hau da taldearen lehendabiziko lana.
Urte eta erdi behar izan dute antzezlan hau sortzeko, talde lana eta bat-batekotasuna lanabes zituztela, eta muturreko bizipen batek, torturak, hain zuzen ere, pertsonaren zenbait alderdi nola iraultzen dituen azpikoz gora izan dute gogoetagai.