Lan berria prestatzen ari da Inextremis antzerki taldea, Emi Ekairen eta Carmelo Gomezen zuzendaritzapean

2018 September 26, Wednesday
Urriaren 5ean emanen du lehen aldiz jendaurrean La prueba lan berria Inextremis talde nafarrak, Barañaingo Auditorioan. La prueba taldearen bigarren lana da, eta oraingo honetan Emi Ekai eta Carmelo Gomez dituzte zuzendari.

Abuztuaren 28tik ari da talde nafarra buru-belarri antzezlan berria prestatzen, bi sortzaile bikain horien zuzendaritzapean. Aktorea, pedagogoa eta antzerki zuzendaria dugu Emi Ekai nafarra, eta antzerkian eta zineman ibilbide aparta egin duen aktorea, berriz, Carmelo Gomez. Zenbait urte badira ere elkarrekin lan-saioak, ikastaroak eta bestelako proiektuak lantzen ari direla, oraingo hau da antzerki talde bat elkarlanean zuzenduko duten lehen aldia, eta baita Carmelo Gomezek zuzendari lana eginen duen lehenengoa ere.

Antzezlan hau Lukas Bärfuss gaur egungo idazle suitzarrarena da, alemanez idatzia, eta egungo gizarteen oinarririk sendoenetako bat gogor astintzen du lan honetan: familia. Gezurrek eta egiek eusten diete familia itxuraz eredugarriei, eta ezer ez da uste bezalakoa. Aitatasun proba batek susmoa ziurtasun bilakatuko du. Ondoren, bizitzak berdin segituko du, behin-behinean.

Jose Maria Asin aktorea dugu lan honen giltzarria, Inextremis taldeko aktore hauekin batean:Txori Garcia Uriz, Iratxe Garcia Uriz, Leire Ruiz eta Oier Zuñiga.

Barañaingo auditorioan bertan ari dira lana prestatzen oraingo honetan, eta urriaren 5ean, arratseko 8,30etan, auditorioan izanen den emanaldiak burutuko du ordura arteko elkarlan hitzarmena, Inextremisen eta Barañain auditorioaren artekoa.

Era horretako hitzarmenek mesede izugarria egiten diote Nafarroako kulturari, bertako sortze-lanei. Elkarlan horren bitartez, sortze-lana bultzatu, sustatu eta bizkortu nahi dute kultura lantzeko gune publikoek, denontzat aberasgarri gertatzen den ondare artistikoa ugaldu dadin.

La prueba lanaren bidez, beraz, jendartean izaten dugun jokabideaz, familiaren barneko botere harremanez eta zenbaitetan eusterik ez dagoenari eusteko egia eta gezurraren erabileraz gogoeta eragin nahi digu Inextremis-ek.

“Pertsonaia nagusiak, Peter Korach-ek, ederki ikasten du egia batzuetan oso laburra izaten dela eta hobe dela batzuetan ez jakitea bete-betean engainatu zaituztela jakitea baino”.

Emanaldietako sarrerak salgai daude jadanik, www.auditoriobaranain.com webgunean eta auditorioan berean asteartetik ostiralera bitartean, arratsaldeko 6etatik 8,30ak arte, eta ikuskizuna hasi baino bi ordu lehenagotik.