Askotariko egitarau konprometitu eta berritzailea urteko azken niruhilekorako

2018 September 26, Wednesday
Inextremis antzerki talde nafarraren La prueba lanaren jendaurreko lehen emanaldiak hasiko du urriaren 5ean Barañain auditorioaren urte amaiera bitarteko egitaraua, eta Sharon Fridman-en dantza taldearen All ways ikuskizunak bukatu, abenduaren 22an. Bien bitartean, beste 14 emankizun izanen dira arte eszeniko guztiak jorratzen dituen gune honetan.

Antzerki, dantza eta musika emanaldiek osatutako egitarau honen bidez, ikusle berriak erakarri nahi ditu Barañain auditorioak, ikuskizun klasikoak, emankizun berritzaileak, proiektu nafarrak, izen handiko artistak edo haurrendako emanaldiak gustuko dituzten ikusleak, hain zuzen ere.

Beste toki batzuetan ikusmin handia piztu duten edo Max sariren bat jaso duten ikuskizunak izanen ditugu eskura auditorioko agertokian, esaterako, La maldición de los hombres Malboro, Todo el tiempo del mundo, Eran casi las dos eta Luces de Bohemia; ospe handiko artistak, Jorge Drexler edo The Pretty Things, R&B britainiarreko inoizko talderik onena; Pablo Messier-ek sortu duen dramatizazioa, estatu espainiarreko egungo antzerkiko aktorerik garrantzitsuenetako bat; garai eta literatur estilo batean mugarri izan ziren lanak, Luces de Bohemia; dantza eta antzerki lan sortu berriak, eta baita haur txiki-txikiendako berariaz prestatutako ikuskizun bat ere.

URRIAN, GIZARTE KONPROMISOA AGERIAN

Zazpi ikuskizun izanen dira urrian, Barañain auditorioan urteko laugarren hiruhilekoan emanaldi gehien bilduko dituen hilean. Horietako bost antzezlanak dira, gizarte konpromiso agerikoak, hainbat gai lantzen dituztenak.

Urriaren 5ean, ostiralarekin, jendaurrean lehenengoz emanen da La prueba. Antzezlan horretan aitatasun proba baten emaitzak kolokan jarriko du familia baten egitura. Aktoreek familia zer den izanen dute gogoetagai, Emi Ekairen eta Carmelo Gomezen zuzendaritzapean.

Urriaren 13an, larunbatarekin, Iphigenia en Vallecas sarituaren txanda izanen da. Maria Hervasen egokitzapen horrek gizarte kontsumoa du jomugan, jendarte axalekoa, elitista, klasista eta beti norbanakoa epaitzeko prest dagoena. Hervas ekoizle eta aktoreak  Aktoreen Batasunak emakumezko aktore protagonista onenari ematen dion saria jaso du, eta Valle-Inclan antzerki saria jasotzeko hautagai izendatu dute lan horren egokitzapenagatik.

Urriaren 27an, berriz, Una habitación propia, Maria Ruizek moldatua eta Clara Sanchisek antzeztua. Estatu espainiarreko hainbat antzokitan arrakasta handia lortu duen lana, eta auditorioan bakarrizketa moldean ikusiko duguna. Clara Sanchisek eginen du Virginia Woolf-ena, eta literaturaren eta artearen historian emakumezkoek izan duten ibilbidea aldarrikatuko du, feminista handi hark egin zuen bezala.

Urriaren 21ean, antzezlan klasiko bat izanen dugu ikusgai, Sevillako Teatro Clasico taldearen eskutik: Luces de Bohemia. 2018ko Max sarietan zortzi izendapen jaso ditu lan horrek. Antzezlan klasikoak ikusteko gero eta ohitura gutxiago duen ikusleria erakarri nahi du taldeak. Valle-Inclanen esperpentorik onena da lan hori, garai bateko gizarte osoa salatzen duena.

Urriaren 6an, larunbatarekin, la Maldicion de los hombres Malboro dantza emanaldia. Lan horren zuzendari artistiko eta koreografo  Isabel Vazquezek dioenez, “gizonezkoen jokabide kaltegarriak” erakusteko ikuskizun bat.

Urriaren 20an, larunbatean, Sra. Polaroiska talde bilbotarraren koreografia-performance instalazio bat: Lur Away. Congreso de supervivencia sobre anomalias varias.  Parte-hartzeko eskatuko diote bertaratzen den ikusleari, “bizitzaren gauzarik okerrenei aurre egiten eta bizirik irauten” ikas dezan.

Urriaren 26an, ostiralean, Jorge Drexlerren istorioak, poesia eta bere hamahirugarren lana, Salvavidas de hielo, izanen ditugu auditorioan. Lan horrek biltzen dituen soinu guztiak gitarrarekikoak dira.

AZAROAN, DANTZA ETA GAUR-GAURKO ANTZERKIA

Múcab Dansa taldearen dantza moldea, hainbat diziplina biltzen dituena, gozagarri gertatuko zaie adin guztietako ikusleei, Blowing lanean, azaroaren 4an, igandearekin, zentzumenen bidezko bidaia ikusgarria baita, koreografiaren eta dramaturgiaren araberakoa, putz eginda eskatzen ditugun desirez betea. Handik astebetera, azaroaren 11n, Isabel Bayonen flamenkoak hartuko du Barañain auditoriaren aretoa Lo esencial ikuskizunaren bitartez, handinahikeriarik, azalkeriarik eta kontzeptukeriarik gabeko ikuskizuna, barne-barnetik ateratzen zaien flamenkoari askatasun osoz bide emateko sortua.

Azaroan gaur-gaurko antzezlan berriek ere tartea izanen dute auditorioan. Batetik, hilaren 10ean, larunbatarekin, Una extraña aventura antzezlan sortu berria ekarriko digu Amuart Antzerki Taldeak, orain bi urte osatutako talde gazteak. Hurrengo astean, azaroaren 16an, Pablo Messierren Todo el tiempo del mundo lana izanen dugu ikusgai, bost Max sari jaso dituena, denborari eta narrazioei buruz mintzo zaiguna. Pablo Messier egungo antzerki espainiarreko egilerik interesgarrienetako bat dugu. Azaroaren 24an, larunbata, Imaginart taldearen eskutik, Little Night ikuskizuna izanen dugu gure agertokian. Haur txikiendako lan horretan zoru-pantaila interaktibo bat erabiltzen dute, eta txikienak izanen ditugu protagonista nagusi.

Azaroaren 23an, ostiralarekin, The Pretty Things talde britainiar mitikoa etorriko da auditoriora; askoren ustez, musikaren historiako talde garrantzitsuenetako bat, eta The Ramones eta The Fuzztones taldeek edo David Bowiek berak inspirazio iturritzat izan dute taldea.

ABENDUAN, UMEENDAKO ETA DANTZAZALEENDAKO EGUNGO KULTURA

Urteko azken hileko emanaldietan gaur-gaurko antzerkia eta dantza dira nagusi. Abenduaren 2an, igandea, Onirica Mecanica taldeak Alicia y las ciudades invisibles taularatuko du, Lewis Carrollen Alizia lurralde miresgarrian ipuinaren egungo egokitzapen askea, 6 urtetik gorako umeendako.

Dantzazaleek, berriz, gaur-gaurko bi lan izanen dituzte eskura. Batetik, Carmen Fumero taldearen Eran casi las dos, abenduaren 15ean, larunbat arratsean, goizean koreografoak berak emango  mugimenduaren gaineko doako lan-saio eskainiko du, eta, bestetik, All Ways lana, Sharon Fridman-en dantza taldearen eskutik, abenduaren 22an.   Lehendabiziko ikuskizunak arrakasta handia izan du Bartzelonan, Madrilen eta Tenerifen. Bigarrenean, berriz, Sharon Fridman izen handiko koreografo israeldarrak bizitzan aukeran ditugun bideak hatematera bultzatzen gaitu, nork berea har dezan.

Emanaldietako sarrerak salgai daude jadanik, www.auditoriobaranain.com webgunean eta auditorioan berean asteartetik ostiralera bitartean, arratsaldeko 6etatik 8,30ak arte, eta ikuskizuna hasi baino bi ordu lehenagotik.